Imaginatzen al duzu zure eguneroko bizitza mugikorrik gabe? Zer moduz moldatuko zinateke horrelako gailurik izan ezean? Zorionez ala zoritxarrez egoera hori bizitzea tokatu zitzaidan eta barregarria badirudi ere, galduta sentitu nintzen une horretan.
Hona hemen zer gertatu zitzaidan:
Udarako egun batean mugikorra lurrera erori eta izorratu egin zitzaidan. Konpontzera eraman behar izan nuen eta beste mugikor bat utzi zidaten bitartean. Hau ordea gailu zahar bat zen eta ez nuen aukera bertatik internetera konektatzeko. Beraz, mugikorrean ez nuen ez whatsappa, ez facebook, ez instagram, ez youtube, ez twitter... eta galduta sentitu nintzen. Mugikor horrek ez zuela ezertarako balio iruditu zitzaidan. Arazoak nituela lagunekin komunikatzeko eta denbora horretan gauza asko ari nintzela galtzen. Ez nintzela munduan gertatzen ari zenaz jabetzen zirudien. Lotsagarria da bai...
Lehen garai batean ordea, aparatu hauek deitzeko edo sms-ak bidaltzeko bakarrik erabiltzen genituen. Lagunekin geratu ahal izateko, telefonoz deien kate moduko bat egiten genuen, hau da, nik norbaiti deitzen nion eta zer egin adosten genuen. Ondoren, besteak hurrengoari deitzen zion eta horrela lagun guztiei abisua eman arte. Gaur egun aldiz, ohitura hauek galtzen ari dira teknologiaren aurrerapenak direla eta.
Teknologian aurrerapenak egotea ez dut esan nahi zerbait txarra denik, izan ere, ona dela uste dut gauza asko errazten dizkigulako. Baina erabilera egoki bat eman behar zaie, kontu handia izan behar dugu konturatu gabe menpekotasun handia sorrarazten digute eta.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina